IRITZIA | OPINIÓN

Lotsa

todayagosto 7, 2020

Fondo
share close

Goizean sare sozialetara sartu eta Andaluziako zezen-plaza bat jendez lepo ikusteak zer pentsatu eman dit, lotsa sentirarazi dit bizi dugun egoera dela eta; eta hala ez balitz ere bai. Han agertzen dira guztiak euren polo edo alkandora dotore-dotore jarrita, maskara ere gehienek eta oso arrotza egiten zaigun banderez inguratuta, eta euren artean, nor eta Abaskaltar Jakobe. C hizkiarekin hasi eta O letrarekin bukatzen den izen batez definitu ahalko nituzke, baina ez naiz horretan sartuko, beharbada norbait minduta sentituko da eta. 

Harira. Pentsa dezagun, momentu txiki batez bada ere, zezenketak kultura direla -ez dira-. Zertan desberdintzen dira, hortaz, zezen-plaza eta antzokia? Zer dauka zezen baten erailketak antzerki obra batek ez daukana? 

Jarraitu dezagun aurreko hori pentsatzen, kostatu arren. Sarritan irakurri eta entzun dugu antzokietan, zinema aretoetan edo dena delakoetan segurtasun neurria mantendu behar dugula, eta mila biderrez eskuak garbitu behar ditugula. Benetako kultura honetan, hortaz, ezin da aretorik bete; baina beste horretan ez dago arazorik jendez betetzeko. Zergatik?

Birusaren berragertzeak ezagutzen ari garen honetan, momentuz, ez da birusaren berragertzerik egon antzoki eta zinematan, benetako kultura segurua da beraz, batzuek kontrakoa islatu nahi duten arren. Euskal kanta batek dioen moduan, beti egongo da bi bandotako herria, eta inoiz ez gara ados jarriko, baina kultura segurua da, eta gainera ez dio inori kalterik egiten. 

Itxialdiaren ondorioz sektore guztiek izan dituzte ondorio larriak, sektore horietako bat kultura izan da eta kulturarekin zerikusia duten gremio guztiak. Eta hori gutxi balitz, laguntza eman ordez, trabak eta oztopoak jarri dizkiete benetako kulturari; aurreko lerroetan aipatutakoak esaterako. 

Batzuentzat kultura den hori -niretzako ez- Espainiako marka da. Ze pena. Noizbait bahituta gauzkan herrialdeak pena emateri utziko al dio? Epe laburrean begira ez du ematen hori gertatuko denik, eta zoritxarrez zezen-plazak betetzen jarraituko dira, antzokiek, zinema aretoek edota musika kontzertuek edukiera mugatuta izaten jarraituko duten bitartean.

Espainia aldean hainbeste jarraitzaile daukan “gauza” horrek kiroltzat hartzen bada, barkatu kirolzaleak, ez litzateke publikorik gabe egin beharko? Ze desberdintasun daukate orduan hondarrezko borobil batek eta belarrezko laukizuzen batek? Kirol emankizun guztiak ateak itxita egiten ari dira azken aldi honetan, kutsatzeak sahiesteko. Irizpide bateratu bat jarraitzea ezin da hain zaila izan, batzuentzako ateak ixten badira, beste batzuentzako ere bai. Baina ez, gero errua martxoaren zortziak dauka.

Laburbilduz, utzi diezaiogun lehen lerroetan proposatutakoa pentsatzeari. Zezenketak eta zezen hiltzaileak ez dira kultura eta kirola ere; lotsatzeko bakarrik balio dute. Hortaz, kultura bere horretan ezagutzen dugun moduan, segurua da. Beharbada  sektoreari laguntza emateko, eta zezenak aske bizitzen mantentzeko momentua heldu da, baina lerro hauek ez direnez oso urritira helduko, zoritxarrez, bere horretan mantenduko da seguruenik egoera, beti bezala txikienei kaltetuz. 

Escrito por Xabi Ealo

Comentarios de las entradas (0)

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


0%