Galdakaoko Udalak gazteentzako emantzipazio prozesuetarako aholkularitza zerbitzu berri bat jarri du martxan: emantzipazio bulegoa. Zerbitzu honen helburu nagusia da emantzipatu nahi duten gazteen eskura jartzea prozesu hori gauzatzeko eskuragarri dauden informazio eta baliabide guztiak.
Gazteen emantzipazioa gazteak osotasunez eta aukera berdintasunez gizarteratzea lortzea da, beren bizi proiektua autonomiaz eraikitzeko eta eskubide guztiak egikaritzeko aukera izan dezaten, ahultasun gehien dituzten gazteei arreta handiagoa eskainiz. Prozesu horretarako, etxebizitzari, enpleguari edo prestakuntzari buruzko informazioa ezinbestekoa da. Hain zuzen, informazio hori guztia herriko gazteek eskura izatea da Udalak zerbitzu berriarekin lortu nahi duena.
Nahiz eta etxebizitzari, enpleguari edo prestakuntzari buruzko informazioa ugaria izan sare sozialetan, webguneetan eta zerbitzu espezializatuetan, gazte askok adierazi dute informazio hori eskuratzeko zailtasunak dituztela. Emantzipazio bulegoak modu indibidualean eta zuzenean emango die informazio hori gazteei, eta aholkularitza ere emango die administrazioaren maila guztietan (tokikoa, eskualdekoa, erkidegokoa, Europakoa…) dauden zerbitzu, programa eta proiektuei buruz, bai eta emantzipazio prozesua aurrera eramaten laguntzeko Galdakaoko Udalak berak dituen zerbitzuei eta baliabideei buruzko informazio guztia ere. Galdakaoko Udaleko Gazteria Arloak bultzatutako emantzipazio bulegoa gaur, otsailak 21, asteazkena, abiatuko da eta asteazken eta ostiraletan egongo da zabalik 17:00etatik 20:00etara, adin talde honentzako ordutegi egokiago batera egokituz. Aurrez aurreko zerbitzua Torrezabal Kultur Etxeko lehen solairuan eskainiko da, eta emantzipaziobulegoa@galdakao.eus helbide elektronikoan, 675700089 telefono bidez eta sare sozialetan ere eskainiko da zerbitzua.
Comentarios de las entradas (0)