BERRIAK | NOTICIAS

Martxoaren 27an izango da Usansoloren segregazioari buruzko galdeketa

todaymarzo 7, 2022

Fondo
share close

Galdakaoko Udala | “Nahi al duzu Usansolo udalerri independente gisa eratzea?”. 16 urtetik gorako usansolotarrek galdera horri erantzuteko aukera izango dute martxoaren 27an, igandearekin. Segregazio prozesuei buruz Bizkaiko Foru Arauak zehazten duen bidea jarraituta, herri galdeketa egiteko aukera baliatuko du Galdakaoko Udalak eta iritzia ofizialki emateko aukera eskainiko die usansolotarrei. 

Foru Arauak jasotzen du segregazio prozesuetan ez dela derrigorrezkoa herri galdeketa egitea eta, egingo balitz, bertatik aterako litzatekeen emaitza ez litzatekeela loteslea. Galdeketa egiteko aukera espresuki ematen du ordea, eta, Udalaren ustez, bidean aurrera egiteko ezinbestekoa da herritarren ahotsa entzun eta kontuan hartzea.

Galdeketatik aparte, prozesuak bere bidea jarraitzen du. Udalak egin beharreko tramitazio eta azterketa guztiak egin ditu eta udalbatzarrak gehiengo osoz eman dio oniritzia azterketak biltzen dituen Memoriari. Martxoaren 27an egingo den galdeketaren emaitza txostenei gehitu, eta Bizkaiko Foru Aldundira igorriko da dokumentazio guztia. Ondoren, Bizkaiko Batzar Nagusien esku egongo da azken hitza.

Galdakaoko Udalbatzak 2022ko urtarrilaren 22an egindako ohiko bilkuran erabaki zuen Usansolori dagokion lurralde eremu mugatuko kontsulta egitea. Segregazio prozesuak, Bizkaiko Lurralde Mugaketei buruzko abenduaren 5eko 9/2012 Foru Araua du oinarrian. Arau horrek zehaztutako bidea zorrotz jarraituta, ondorengoak izan dira orain arte egindako urrats garrantzitsuenak:

  1. Galdakaoko Udalak 2020ko urtarrilaren 29an egindako Udalbatzan onartu zuen prozesuaren gidaritza hartuko zuen Batzorde Mistoa eratzea. Galdakaoko Udaleko, Usansoloko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek osatu zuten Batzorde Mistoa.
  2. Batzorde Mistoak prozesurako beharrezkoa den Memoria osatu zuen eta Memoriari egindako alegazioen inguruko erabakia 2021eko urriaren 28ko Udalbatzan hartu zuen Galdakaoko Udalak. Jarraian, landutako Memoria Bizkaiko Foru Aldundiari igorri zion.
  3. 2021eko abenduaren 7an Bizkaiko Foru Aldundiak Galdakaoko Udalari adierazi zion aurkeztutako Memoriak eta gainerako agiriek betetzen dituztela Foru Arauak bere 41. artikuluan zehazturiko betekizunak. Zehazki, Foru Aldundiko Toki Administrazioaren Zuzendari Nagusiak ontzat eman zuen dokumentazioa, “Bizkaiko Lurralde Mugapenei buruzko abenduaren 5eko 9/2012 Foru Arauaren 46-2 artikuluan aurreikusitako izapidearekin jarraitzeko”.
  4. Galdakaoko Udalbatzarrak 2022ko urtarrilaren 22an egindako ohiko osoko bilkuran erabaki zuen Batzorde Mistoak landutako Memoriaren behin betiko bertsioa onartzea, batetik, eta bestetik, Usansolon kontsulta antolatzea bertako biztanleek iritzia emateko aukera izan dezaten Usansoloren etorkizunaren inguruan. 

GALDEKETA:

  • Galdeketa 2022ko martxoaren 27an egingo da, Usansolon.
  • Galdeketaren egunean 16 urte beteta dituzten eta Usansoloko auzoren batean erroldatuta dauden (2021eko uztailaren 1a edo lehenagotik) pertsona guztiek parte hartu ahalko dute kontsultan, boto bidez.
  • Botoa eman nahi duen edonork erroldan sartuta dagoela egiaztatu ahalko du, aurrez, Txapelenan eta Galdakaoko Udaleko Esan zerbitzuan.
  • 2022ko martxoaren 27an, 09:00etatik 20:00etara eman ahalko da botoa Unkinako herri ikastetxean (Meatzeta).
  • Botoa eman ahal izateko identifikazio agiri ofizialen bat aurkeztu beharko da.
  • Honakoa izango da galdera: “Nahi al duzu Usansolo udalerri independente gisa eratzea?”.

Galdakaoko Udalak martxoaren 27 gauean bertan emango du galdeketaren emaitzen berri. Emaitzak Bizkaiko Foru Aldundira bidaliko ditu, Memoria osoarekin batera.

Escrito por Mozoilo Irratia

Comentarios de las entradas (0)

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


Rock Bizkaia!

access_time05:00 - 08:00
0%